Euskal Herria, Euskaltzaindiaren arabera

publicado a la‎(s)‎ 20 nov. 2014 0:19 por mari luz arranz

Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena. Euskaltzaindiak Abadiñon 2004ko uztailaren 23an onartua.
Nafarroako Gobernuak 22 liburu erretiratzeko agindu die ikastetxeei. Euskara eta Literatura ikasgaikoak dira. Arrazoia: Euskal Herri osoa agertzen duten mapak, Nafarroa barruan dela.
Administrazioan Euskaraz taldeak D eredua duten ikastetxe guztietako zuzendariei gutuna bidali die, oroitarazteko Euskaltzaindiak Euskal Herria izenari buruz orain dela hamar urte hartutako erabakia, 139. arauan islatu zuena.
“Aspaldiko mendeetatik hedatua izan da Euskal Herria izena, kultura ezaugarri aski jakinak dituen herrialdea adierazteko, politika eta administrazio mugen nahiz ezberdintasun historikoen gainetik erabilia. Izen hori euskara + herri hitzetatik sortua da, hots, ‘euskararen herria’.
Euskaltzaindiak, politika alorretik landa eta sineste zein ideologia guztien gainetik, otsailaren 26ko 573/1976 Errege Dekretuan finkaturiko xedeetako bati erantzunez, zeinetan Euskaltzaindiari hizkuntza jagoteko helburua onartzen zaion, nahitaezkoa dakusa Euskal Herria izenaren egokitasuna eta zehaztasuna berrestea. Izen hori guztiena da, eta horregatik ezin daiteke alderdikeriaz erabil, zoritxarrez inoiz gertatu eta orain ere gertatzen bada ere. Hori, jakina, herrialde bakoitzaren deitura bereziari eta izen politiko-administratiboei kalterik egin gabe.
Gorago adierazi guztiaren argitan, Euskaltzaindiak, zazpi probintzia edo herrialdeen osotasuna adierazteko, Euskal Herria izenaren egokitasuna, zuzentasuna eta zehaztasuna berresten du, eta izen hori ez dela izate politiko administratibo konkretu baten baliokide. Aldi berean, gogorarazi nahi du mendez mendeko tradizio luzeari begirunea zor zaiola, eta inork eta ezerk ez du tradizio hori hausteko edo bere gogara aldatzeko eskubiderik.
2003ko uztailaren 18an Donostian onarturiko adierazpenean oinarriturik, Euskaltzaindiak honako Araua plazaratzen du:
Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa (Beherea eta Garaia) eta Zuberoa batera izendatzeko erabil bedi Euskal Herria izena.
Euskaltzaindiak Abadiñon 2004ko uztailaren 23an onartua”.
Administrazioan Euskaraz taldeak uste du kontseilari jaunaren erabakiak nahasmena eragin dezakeela eta garrantzitsua dela herritarrek informazio zuzena izatea. Horregatik, ikastetxeko komunitatea osatzen duten guztiei (irakasleak, gurasoak, irakasle ez diren langileak, ikasleak) egoki jotzen den moduan Euskaltzaindiaren aspaldiko erabaki hori helarazteko eskatu die D eredua duten ikastetxe guztietako zuzendariei.
Comments