Atxagak irabazi du Euskadi saria, 'Nevadako egunak' eleberriagatik

publicado a la‎(s)‎ 9 oct. 2014 0:45 por mari luz arranz
"Hau da gure sari nazionala". Hitz horiekin nabarmendu zuen atzo Euskadi sarien garrantzia Joxean Muñoz Eusko Jaurlaritzako Kultura kontseilariordeak. Aurten ez da nazionalago, baina bai sariago. 2010az geroztik idazleak edo argitaletxeak aurkeztu behar izaten zuen bere lana sariketara, baina aurten iazko produkzio osoa kontuan hartuz aukeratu ahal izan du lanik onena epaimahaiak. Eta egin dute hautua: Bernardo Atxagak idatzitako Nevadako egunak (Pamiela) hibridoa izan da 2013ko libururik onena. Idazleak AEBetan egindako egonaldia du abiapuntu lanak, eta memoria, ametsa eta fikzioa uztartu ditu. Arrazoitu du epaimahaiak erabakia: «Hitzaren magia dario Bernardo Atxagaren prosari liburu honetan». Iñigo Roque itzultzaileak eraman du itzulpengintzako Euskadi saria, eta Idoia Estornes idazleak jaso du gaztelerazko literaturarena.
Comments