Normalizazioa

            Hirugarren urtea dugu, dagoeneko, gure institutuan euskararen normalizazioaren ibilbidean barrena ari garela. Egindako lanaren ondoren, eta lan horrek sortarazitako gogoetaren ondorioz, premiazko zerbait azaltzen zaigu argi eta garbi: dakigun euskara erabiltzen hasten ez baldin bagara, ez dago mundu osoan gure institutuan euskarak bizi duen  egoera alda dezakeen plangintzarik, proiekturik, edo egitasmorik. Horrenbestez, oso gauza xume bat izango da aurten gure ahaleginaren helburu nagusia: ahal dugun neurrian, euskaraz egitea.

 

            “Egite” horrek zenbait gauza hartzen ditu bere baitan: hor ditugu, esate baterako, urtean zehar eginkizun dauden ekintzak (eskola-jaietan, euskararen arabera egokitutako egun berezietan, eguneroko eskoletan, irteeretan, lehiaketetan, txapelketetan, etab.), beti ere hain beharrezkoak. Horiek guztiak, ordea, hutsaren hurrengoak dira funtsezko elementua falta badute: institutuan gaudenon arteko eguneroko jarduna euskaraz izatea. Jakina, “gaudenok” horretan ez daude bakar-bakarrik irakasle-ikasleak, hortxe daude ere, oinarri-oinarrizko heziera eta hazieraren iturrian, gurasoak, eta, halaber, institutuan gora ta behera dabiltzan beste langile guztiak.

 

            Beraz, “konpromiso” moduko zerbait egiteko garaia heldu zaigu: bakoitza (irakaslea dela, ikaslea dela, aita edo ama dela, bedela dela, idazkaria dela, garbitzailea dela, autobus-gidaria dela, dena delakoa), ahal dugun neurrian, euskaraz mintza dadila aldemenekoarekin. Itxuraz hain exkax edo urri dirudien urrats horrek fruitu gustagarri eta gozagarriak emango baititu, bai irakas-ikaskuntza bideari begira, eta bai eguneroko bizitza eta jarduteari begira. Horretan jarriko ditugu gure eginahal saiatuenak.

 

            Eta den-denok –seguru gaude honetaz– bihotzez eskertuko dugu.
 
Normalizazio arduradunak
Comments